XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Uharte hauetan Darwin-ek oso fauna bitxia aurkitu zuen (dordoka erraldoiak, apoarmatuak, txontak......).

Animalia hauek, uhartez uharte, emeki nola aldatzen ziren ikusi ahal izan zuen, era honetan espezie bakoitzak etengabeko kate ebolutibo bat moldatzen zuela.

Kate honi begira, lehenengo maila eta azkena nabarmenki desberdinak ziren.

Ikusketa honek Darwin-en buruan eragin handia izan zuen.

Lau urtez itsasoetan barrena ibili ondoren, Darwin Down-eko bere etxe lasaira itzuliko zen eta han jasotako materialearen azterketari ekingo zion.

Ateratako ondorioak, osperik handiena lortuko zuen liburuan azalduko zituen: Espezien jatorria.

Liburu horren bidez, Darwin-ek biziaren garapenaz ikuskera berri eta iraultzailea ematen du.

Darwin-entzat Lurrean dauden espezie desberdin guztiak, bizirik irauteko, etengabeko borrokan daude.

Borroka honetan, ingurugiroarekin era egokienean moldatzen direnak dira ondorengotza ugariago utziko dutenak, eta beraz, espezie honetako banakoek ingurua kolonizatuko dute besteen kaltez, azkeneko hauek poliki-poliki desagertaraziz.

Hori izango da eboluzioaren lehenengo legea: Egokienen biziraupeneko legea.

Baina espezieen arteko lehiaketa gertatzeko, espezie desberdinak behar dira, zeren guztiak inguruarekin berdin moldaturik egongo balira, lehiaketarik ez bait litzateke inondik sortuko.

Are gehiago, espezie baten barnean, espezie hori betetzen duten banakoen artean desberdintasunak ere behar dira izan.

Nondik sortzen dira gero ingurugiroa kolonizatzeko lehiaketan ibiliko diren desberdintasun horiek?.

Hona hemen eboluzioaren bigarren legea: Transformakuntza heredagarrien zabalpena.

Alegia, espezie baten barnean banakoek erditzen dituzten ondorengoak ez dira guztiz berdinak izaten.

Nahiz eta antzekoak izan, beraien artean badaude desberdin diren ezaugarriak.

Eta horiexek izango dira eboluzioaren iturria, zeren eta heredatu izan diren ezaugarri horiek segun zein ingurugirotan egon, ongarri, neutro edo kaltegarriak gertatuko bait dira.